Proiektuaren informazioa
Proiektuaren deskribapena
JAI GARBIEN ALDE KANPAINA: MUNGIAKO SUKALKI EGUNA
Uztailaren 7an, Mungiako San Pedro jaien barruan ospatu zen Sukalki Egunean egon ginen Jai Garbien Alde kanpainaren inguruan ekintzak egiten. Zaborraren inguruan antolatutako guztia Bizkaiako Foru Aldundiarekin, Mungiako Udalarekin eta Larramendi Ikastolarekin batera egindako elkarlan bat izan da.
Asmoa jai giroan ondo pasatzearekin batera kontzientziazio-kanpaina bat egitea da, prebentziotik lan eginez hondakin gutxiago sor ditzagun. Lehen urratsa egoera ondo aztertzea izan da. Horretarako, Sukalki Egunean parte hartu zuten kuadrilla guztiei galdetegi bat betetzea eskatu genien, bakoitzak egun horretarako erositako eta erabilitako material guztia ezagutuz sortutako hondakin kantitatea jakin ahal izateko. Galdetegia bete zuten kuadrilla guztiek zozketa batean parte hartu zuten eta 15 lagunentzako bazkari bat irabazteko aukera izan zuten Mungiako Udalaren aldetik. 131 zenbakia izan da irabazlea!
Garbikerrek prestatutako 200 kit inguru banatu genituen kuadrillei birziklatzen laguntzeko. Goiz osoan zehar Artigas Ingurumen Hezkuntzako Zentroko kideak egon ziren familia osoarentzako jolasekin eta Ola Sin Plastico eta Nasti de Plastic Bizkaiako bolondresekin batera edukiontzietan egondako hondakinak aztertu genituen.
Hemendik aurrera ekimena bultzatzen jarraituko dugu, eta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta proposamena babesten duten erakunde/elkarteekin batera, Bizkaiko hainbat jai-ekitalditan izango gara, kanpainaren berri emanez eta jaietan sortzen diren hondakinak biltzeko gune garbiak adieraziz.
Guztion artean elkarlanean arituta #jaigarbienalde egiten badugu, hondakinak murriztea lortuko dugu! Zure herrian ekintzaren bat egitea nahi baduzu edo iradokizun edo ideiarik baduzu, idatz iezaguzu: kaixo@sareberdeak.eus